ITSAS BARNETEGIA. Idoiaren bloga

Doinua: Partida tristea Ternuarat ( Karidadeko Benta)

Belaontzi bat neretzako ze gauza ezezaguna!

Baina bizitza denez ezustekoen bilduma

Zapaldu dut haizearen eta itsasoaren erresuma

Zerua, gatza, eguzkia nolako handitasuna!

Talde ero, atsegina,hemen eduki duguna

Onartzen det, maiz ahaztu det irakaslearen jarduna

Aingura urpean nola guri iltzatu zaiguna

Bihotz barruan izan da egunon edertasuna!

ITSAS BARNETEGIA. Joxerraren bloga eta Xabiren argazkia

Olatua, 2013ko uztailaren 25ean.

Seigarren egunean antxetaren ohiuekin esnatu naiz, zirrikitutik genova bela motel motel mugitzen ikusi dut. Belaontziaren mugimendua bizkarrean sentitzen dut, kolunpio bat bezala.Ohetik altxatu naiz eta zuzen zuzenean uretara joan naiz, beste egunetan bezala. Nire ingurua ikusi dut;ikaragarria da. Eguzkia bere boterearekin, belaontzia bere dantza motelarekin, olatuak bere mugimendu eta murmurio goxoarekin. Ni oso eroso sentitzen naiz uretan, esne mamitan bezala. Bat batean konturatu naiz bi egun bakarrik falta zaizkigula abentura hau bukatzeko. Zenbat gauza berri ikusi eta ikasi ditugun! Zenbat momento magiko sentitu ditugun! Lasaitasuna, ixiltasuna baita urduritasuna ere. Eskifaia primerakoa da, guztiak beti prest egoten dira gauzak egiteko. Idoia,irakaslea, beti erne egoten da gure atzetik, akatsak zuzentzeko,azalpenak emateko eta adibideak jartzeko. A ze pazientzia, hain gaztea izanik!

Xabi kapitaina ere beti adi egoten da, belaontzia eta gu zaintzen. A ze tipo aditua eta goxoa! Zenbat gauza azaldu dizkigun! Belaontzia, itsasoa, mapak, korapiloak eta abar eta abar.

Inoiz ez dut ahaztuko aste hau. Laster arte Olatua eta besteak.

ITSAS BARNETEGIA. Anderren bloga.

Marmoka baten galderak.

Gaur goizean ikusi zaituztet. Han, zeuen belaontzian, hain ondo ezagutzen dudan itsaso honetako uretatik.
Nortzuk zarete zuek? Zer egiten ari zarete hemen? Zertara etorri zarete?
Zergatik hitz egiten duzue hain arraro? Edo…, zergatik hitz egiten duzue? Ez al duzue akaso nahiko itsasoak eskaintzen dizuen isiltasunarekin?
Zer da ba “zorabio” sentsazio hori?
Begiratzen zaituztet, eta ez zaituztet ulertzen, benetan. Zergatik ez duzue nirekin jolastu nahi? Zergatik jartzen zarete hain urduri nire presentziaz? Esaidazue!!!
Ez naiz ala zeuen gustokoa?
Ez duzue pentsatuko nik pentsatzen ez dudanik… bihotzik ere ez daukadanik…?
Jakin ezazue nire azalezko hamaika begiekin uneoro ikusten zaituztedala…
Eta zergatik zeuen etengabeko amodio bilaketa hori? Hainbeste puro erretzea beharrezkoa al da?
Zergatik haserreak? Edo, zergatik hainbeste zorionez betetako mementu?
Ez zaituztet ulertzen. Baina erantzun, erantzun, erantzun, erantzun iezadazue…

ITSAS BARNETEGIA. Amaiaren bloga.

2013, uztailaren 23a

Plazer handiko goiza gaurkoa.Genova ohiala atera eta haizearekin nabigatzen ikasi dugu, trukatzeko adibidez.Oso esperientzia polita izan da.A ze sentsazioa nabigatzea!Eguzkia eta haizea belauntziarekin batera itsaso gainean. Sekulako askatasuna sentitu dut.

Medé mezua irratitik entzunez goizeko zazpietan arrantza itsasontzi batetik marinel bat erori dela jakin dugu eta inguruko itsasontzi guztiak erne egoteko esan dute. Itsas mapetan koordenadak begiratu eta gertaera Mallorka iparraldean izan dela jakin dugu.

Arratsaldean Els Palmador irla inguratu, aingura botatzeko baimena eskatu eta han gelditu gara. Piraguak hartu eta hondartzara joan eta handik gertu dauden lokatz putzu naturaletan sartu gara buztina gorputza igurzteko. A ze nolako azal leuna!

Eguna bukatzeko, eguzkiari agur esatera joan gara; Es Vedras arrokak erraldoien  atzetik desagertu da.  Zoragarria¡¡¡¡

ITSAS BARNETEGIA. Ameliaren bloga.

Kaixo lagunok:
Hemen gaude Ibiza eta Formenteran, munduko lehen itsas barnetegian. Atzo Formenterako kostaldean, hain zuzen ere, Cala Saonan. Gosaldu eta gero, Xabik, gure patroiak, jarritako Estrella Morente eta txitxarren soinua nahasita iritsi ziren gure belarrietara eta horrek adierazten zuen Mediterraneoan geundela.
Eguna lainotuta hastea eskertzekoa izan zen; belauntzitik amildegi luze bat ikusi genuen gure aurrean itsasoan sartzen, beso bat bezala. Lur gorria, pinuak, sabinak, erromeroak, enebroak eta olibondoak amildegi gainean zeuden.
Nola jakin arratsaldez bizikletak alokatuko genituela eta Faro Cap de Barberiara, leku zoragarri bat ikustera joango ginela!
Eguzkia sartzen ikusteko denborarik izan ez genuen arren ilargi bete zoragarri batek itzulerako bidean lagundu gintuen.
Askatasun une eder bat izan zen!
Olatuari esker.

ITSAS BARNETEGIA ABIATU DA!! Nievesen bloga.

Nievesen bloga…

Hau da gure bigarren eguna Olatua belauntzian itsasbarnetegiaren baitan.
Hau ikaragarrizko pagotxa dela pentsatu dut behin eta berriro bidai honetan.
Gaur ,adibidez, oso egun intentsoa izan da: goizean goiz, esnatu bezain pronto, uretara!
Gero,lau orduko bidaia egin dugu Ibizatik Formenterara, eta ,bertan, izugarrizko esperientzia izan da kobazuloetan buzeatzea, baita piraguarekin hauek zeharkatzea ere. Eta zelako ur gardenak ikusi ditugun!
Bidean hainbat gauzak ikasi ditugu ,bela nola zabaldu, aingura nola bota eta jaso,korapiloak nola egin, eta abar.
Guztiok lemazainak izan gara, nire ustez lasaitasuna behar da gidatzeko.
Aipatu behar ere eskifaiako kideen arteko harremana ezin hobea izaten ari da ,momentuz.
Eta eguna borobiltzeko,ilargi betearen azpian afaldu dugu. Paisaia ezin hobea! Eta beste baino bat, nola ez.
Esker mila egun zoragarri hau oparitzeagatik!!!