Olatuaren lagunak II: Elkano Fundazioa

Oraingoan Olatuak belaontziko beste lagun batzuk aurkezten dizkizuegu, Elkano 500 Fundazioa.

Olatuko Xabier Urrestik fundazioak antolatutako Getaria-Sevilla zeharkaldian parte hartu zuen. Egun ezezaguna izaten jarraitzen duen historiako zati bat ezagutzera emateko sortu da fundazioa: munduaren inguruko lehen itzulia, Elkanok zuzendua, orain dela bost mende hain juxtu.

Ondorengo bideoan Ion Irurzunek, Elkano fundazioko zuzendariak, fundazioaren argidibide gehiago ematen dizkigu.

Fundazioak aldi baterako iraupena izango du, hain zuzen ere espedizioak izan zuen iraupen bera, eta helburu nagusi bat: herritarren jakin-nahia piztea gertakari garrantzitsu haiekiko eta gertakari horiek garaiko gizartean nahiz gizakiaren historian izan zuten ondorioekiko. Zer izan ginen euskaldunok orain bost mende eta zer izaten jarraitzen dugu gaur egun? Historiak, 500 urte geroago, agerian jartzen gaitu eta interpelatu egiten gaitu.

Orain 500 urte gertatutakoak hausnarketa kolektiboak pizteko oinarria eta bidea ematen digu, hain justu, lehendabiziko mundubira hari loturiko hainbat gairen inguruan: kostaldeko herriek itsasoarekin izandako harremana, jasangarritasuna, zientziak nahiz teknologiak gizarte garapenean duten inpaktua, kulturen eta mundializazioaren arteko bizikidetza. Lehenengo zirkumnabegazioak itzelezko ondorioak izan baitzituen bertan nahiz maila planetarioan. Aurrerantzean, ezer ez zen iraganean bezalakoa izango.

Zorte on zuen proiektuarekin Olatua belaontzitik!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude