Este contenido no está disponible en catalán
(Español) Viaje a la Antártida. Un año después…Estrecho de Magallanes 52º 23S 068º 28W
Reply
Doinua: Partida tristea Ternuarat ( Karidadeko Benta)
Belaontzi bat neretzako ze gauza ezezaguna!
Baina bizitza denez ezustekoen bilduma
Zapaldu dut haizearen eta itsasoaren erresuma
Zerua, gatza, eguzkia nolako handitasuna!
Talde ero, atsegina,hemen eduki duguna
Onartzen det, maiz ahaztu det irakaslearen jarduna
Aingura urpean nola guri iltzatu zaiguna
Bihotz barruan izan da egunon edertasuna!
Olatua, 2013ko uztailaren 25ean.
Seigarren egunean antxetaren ohiuekin esnatu naiz, zirrikitutik genova bela motel motel mugitzen ikusi dut. Belaontziaren mugimendua bizkarrean sentitzen dut, kolunpio bat bezala.Ohetik altxatu naiz eta zuzen zuzenean uretara joan naiz, beste egunetan bezala. Nire ingurua ikusi dut;ikaragarria da. Eguzkia bere boterearekin, belaontzia bere dantza motelarekin, olatuak bere mugimendu eta murmurio goxoarekin. Ni oso eroso sentitzen naiz uretan, esne mamitan bezala. Bat batean konturatu naiz bi egun bakarrik falta zaizkigula abentura hau bukatzeko. Zenbat gauza berri ikusi eta ikasi ditugun! Zenbat momento magiko sentitu ditugun! Lasaitasuna, ixiltasuna baita urduritasuna ere. Eskifaia primerakoa da, guztiak beti prest egoten dira gauzak egiteko. Idoia,irakaslea, beti erne egoten da gure atzetik, akatsak zuzentzeko,azalpenak emateko eta adibideak jartzeko. A ze pazientzia, hain gaztea izanik!
Xabi kapitaina ere beti adi egoten da, belaontzia eta gu zaintzen. A ze tipo aditua eta goxoa! Zenbat gauza azaldu dizkigun! Belaontzia, itsasoa, mapak, korapiloak eta abar eta abar.
Inoiz ez dut ahaztuko aste hau. Laster arte Olatua eta besteak.
Marmoka baten galderak.
Gaur goizean ikusi zaituztet. Han, zeuen belaontzian, hain ondo ezagutzen dudan itsaso honetako uretatik.
Nortzuk zarete zuek? Zer egiten ari zarete hemen? Zertara etorri zarete?
Zergatik hitz egiten duzue hain arraro? Edo…, zergatik hitz egiten duzue? Ez al duzue akaso nahiko itsasoak eskaintzen dizuen isiltasunarekin?
Zer da ba “zorabio” sentsazio hori?
Begiratzen zaituztet, eta ez zaituztet ulertzen, benetan. Zergatik ez duzue nirekin jolastu nahi? Zergatik jartzen zarete hain urduri nire presentziaz? Esaidazue!!!
Ez naiz ala zeuen gustokoa?
Ez duzue pentsatuko nik pentsatzen ez dudanik… bihotzik ere ez daukadanik…?
Jakin ezazue nire azalezko hamaika begiekin uneoro ikusten zaituztedala…
Eta zergatik zeuen etengabeko amodio bilaketa hori? Hainbeste puro erretzea beharrezkoa al da?
Zergatik haserreak? Edo, zergatik hainbeste zorionez betetako mementu?
Ez zaituztet ulertzen. Baina erantzun, erantzun, erantzun, erantzun iezadazue…
2013ko uztailaren 23an.
Plazer handiko goiza gaurkoa.Genova ohiala atera eta haizearekin nabigatzen ikasi dugu, trukatzeko adibidez.Oso esperientzia polita izan da.A ze sentsazioa nabigatzea!Eguzkia eta haizea belauntziarekin batera itsaso gainean. Sekulako askatasuna sentitu dut.
Medé mezua irratitik entzunez goizeko zazpietan arrantza itsasontzi batetik marinel bat erori dela jakin dugu eta inguruko itsasontzi guztiak erne egoteko esan dute. Itsas mapetan koordenadak begiratu eta gertaera Mallorka iparraldean izan dela jakin dugu.
Arratsaldean Els Palmador irla inguratu, aingura botatzeko baimena eskatu eta han gelditu gara. Piraguak hartu eta hondartzara joan eta handik gertu dauden lokatz putzu naturaletan sartu gara buztina gorputza igurzteko. A ze nolako azal leuna!
Eguna bukatzeko, eguzkiari agur esatera joan gara; Es Vedras arrokak erraldoien atzetik desagertu da. Zoragarria¡¡¡¡